Amaitu da 2019-2020 denboraldia

Aurtengo denboraldian Goierri Pilota Eskolan Urretxu eta Zumarragako hirurogei bat neska mutilek parte hartu dute kategoria desberdinetan. Bakoitzak bere mailan, txapelketa desberdinetan parte hartu dute Goierriko pilotariek; bertako Gabon Kopa eta Ezkioko txapelketa, Gipuzkoako Federazioak antolatutako herrialde mailako txapelketa desberdinak edota beste herrialde batzuetan jokatutakoak, Sopela, Lizarra, Malerreka edota Baztangoak. 

Udaberrian koronabirusaren eraginez bizi izan dugun egoeragatik, pilota jarduera ere bat-batean geratu behar izan da. Ezin izan da entrenatu eta abian zeuden edota hastekoak ziren hainbat txapelketa ere bertan behera geratu dira. Hala nola, Ezkio, Legazpi eta Zumarragakoak, Gipuzkoako Errendimendu eta Udaberri txapelketak edota Baztan, Leintz-Gatzaga, Zaramaga eta Zizurrekoak.

Egun hauetan, ohiko Urretxuko San Juan Txapelketako final partiduez gozatzen arituko ginateke, baina aurtengoan ezinezkoa izan da. Urtearen barruan beste data batzuetan ospatzeko aukerari uko egin dio antolakuntzak.

Beste gai batzuei dagokionez, aurten pilota eskolako informazioa bildu eta zabaltzeko web-bloga sortu da, pilotari, familia, zein herritarrentzat komunikazio tresna erabilgarria izango delakoan. Bertan, entrenamendu saioen ordutegiak, kategoria desberdinen inguruko informazioa edota txapelketa desberdinen jardueraren berri eman da.

Modu laburrean, hau da 2019-2020 denboraldiak eman duena, zeina dagoeneko amaitutzat ematen dugun pilota eskolako lantaldearen aldetik. Orain datorren denboraldian pentsatzen hasteko garaia heldu zaigu.

Besterik ez Goierri Pilota Eskolako lantaldearen aldetik. Besarkada bana eta ondo pasa oporretan.


Blog honetako argitalpen ezagunak

Gabon Kopa 2020

BEREZKOAK 4 1/2 Txapelketa

UDABERRI SARIA Eskuz Binaka